XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lana, langilea, lantegia. ASMAKIZUN BAT

Sarritan, denbora pasa, asmakizunen mamia ulertu ezinik amaika jolas eta solas egin izan dugu.

Zilegi bekigu gaurko lan hau asmakizun gisa idaztea, irakurlearekin batera, gaurko solasa egin dezagun.

Mundua aldatuz doakigu, ezinbestekoa du munduak mugimendua, aldakuntza, eboluzioa, aurrerapidean abiatzea.

Geldi dagoen ura usteldu ohi dela esan izan dugu inoiz.

Urak beharrezkoa du mugimendua.

Pertsonak eta gizarteak aldakuntza behar beharrezkoa dugun bezalaxe.

Eta goazen aurrera asmakizun honen barna, irakurle lagun horrek zeure erantzuna eman diezaiozun.

Aurtengo urtea, amaituz doakigun urtea, zaila eta neketsua izan da Europari begira eman nahi izan diren pausoak gogoan harturik.

Elkarrizketak dirudienez, ez du nahi hainbat fruiturik eman.

Espainiaren nekazalgoa dela, industriaren konpetibidade ezaren bildurra dela eta abar, bada eztabaidarik.

Baina egungo egoera ez da teknika arazo hutsa, teknikoek eman dezaketen erantzunak bakarrik ez du balio.

Beste pauso batzuk eman beharrezkoak dira mendebaleko estaduekin batera Europan mahaikide izateko.

Cambio 16 aldizkarian irakurri ahal izan dugunez, tekniko eta politikalariek badute iritzi desberdinik estadu barruan beharrezkoa den aldaketaz.

Izan ere Europaren mailara iristekotan, zer aldatu premiarik bai baita.

Aldaketaren beharraz ez da hainbesterainoko eztabaidarik.

Baina nolako aldakuntza?, zer neurritakoa? Gaingiroki eta azalez bakarrik ala sakonetik muin eta guzti aldatuz?

Jorge de Esteban-ek Madrileko Unibersidadeko irakaslea bera, gai honetaz lan bat eskaini digu.

Gaurreguneko legediak, Europaren mailan, aldez alde jartzeko dituen posibilidadeaz mintzo zaigu.

Gaurko legedi honek, Europak eskatzen dituen baldintzak betetzeko hainbat egokierarik eskaintzen omen du.

Muinari gagozkiolarik ez litzateke hainbesterainoko aldaketaren premiarik izango.

Gai honi buruz, zuk irakurle, zer derizkiozu? Hauxe duzu asmakizuna.

Europan kapitalismoa nagusi dugularik bada estaduetan halako demokrazia liberala.

Akatsez beteriko demokrazia, ez, noski, gogozkoa genukeen demokrazia, oso mugatua baita Europan nagusitzen den demokrazia hori.

Hala ere bada zerbait.

Demokrazia da behinik behin.

Maila horretara nola iritsi? Konstituzioak baldintza horiek betetzen ahal ditu? Eztabaidak sortu ditu aipatu dugun Irakaslearen lanak; hautsak harrotu ditu han eta hemen.

Izan ere, legegizonek egungo legedia oinarritzat harturik iritsi dezaketen horrek ez digu axola haundirik.

Benetan aldaketa nahi den ala ez, horrek kezkatzen gaitu.

Konstituzioan barna edo konstituzioaz kanpo Europarekin elkartu ala Europari azken agurra eman beharko diogun, horretan datza kakoa.

Langile bezala honek baditu bere ondorenak.

Irakurri ahal izan dugunez, Alemanian ez dute elkarteaz kanpoko inongo langilerik onartzen.

Gainontzeko estaduek beste horrenbeste egiten badute Europara irtetzeko bideak estutuko zaizkigu.

Langilea, bestalde, hitz onez, agindu gozoz asperturik dago.

Egintzak, obrak, nahi ditu langileak.

Hitzaldiak, lortu izan diren gauzen agerpena, aurrerantzerako dauden asmoak eta abar ez daude sobran baldin eta egintzak hitzak bezain ugari azaltzen badira.

Langile bezala, aldaketak azalezkoak ala sakonagoak diren antz emateko, ez dago eragozpen haundirik.

Sail horretan hotz-beroa, tenperatura, neurtzeko termometroa ezin hobea dute langileek esku artean.

Europan langileek askatasunez elkartzeko modurik badute.

Hemen konstituzioan barna ala konstituzioaz kanpo, beste horrenbeste egiten ez bada, maila horretara iristen ez bagara, langileak ez du aldakuntza horretan sinetsiko.

MIKEL UGALDE.